Explore Urola
Super User

Super User

Web orri helbidea: http://www.joomlart.com
Larunbata, 05 Maiatza 2018 17:10

OTOLA PENTSIOA

Osteguna, 15 Otsaila 2018 07:49

Zumaia, Flysch-etik harago

Azkenaldian lanak nahiko kateatuta eduki nau, baina Urola Bailararekin lortu dudan loturari eutsi nahi diot eta Azkoitia eta Zestoa arteko herrien artekoa jada bisitatuta, ibaiaren amaiera ezagutu nahi izan dut. Touring-eko bidaia egin nuenean, Zumaiaraino bidaia luzatzea falta izan zitzaidan eguneko nekeak etxerako bidean jarri zidalako, baina gaur, bidaia hori gogoratuz, kostaldera, ibaiari jarraituz iristea erabaki dut. Beraz, Aizarnazabalen hasi dut gaurko bidaia eta Oikiarako bidea hartu dut.


GI-2633 errepidea hartuta iritsi naiz Oikiara. Zumaiako ekialdean kokatuta dagoen auzoa da Oikia.

 

oikia iglesia

 

Bere 310 biztanleak San Bartolome parrokiaren magalean bizi dira, XVI. mendeko erretaula daukana, baina aipagarriak dira auzoan aurki daitezkeen Goiburukoa eta Kondekoa etxeak ere. Urtetan Zumaiatik bere independentzia bilatu nahi izan zuen, baina gaur egun oraindik bertako auzo izaten jarraitzen du.

 

arco oikia

  

Bidean aurrera Bedua aurkitu dut. Bertako jatetxe bat famatu egin zen orain urte batzuk film arrakastatsu batean atera zelako, baina ni, aurkitu dudan faunak utzi nau txundituta.

 

pajaro bedua

 

Entzuna neukan angulak ere aurki daitezkeela Urola ibaiko zati honetan, baina meandroan hori baino gehiago aurki daiteke.

 

bedua

 

Orain denbora asko ingurune hau padura omen zen bereziki, baina gizakiak lur hauek lehortu eta bai nekazaritzarako edota baita industriarako ere erabili izan ditu. Zumaiaren historian industria ezberdinek pisu handia izan dute. Besteak beste, ontziolek, zementu fabrikak, makina-erremintak... garrantzia handia eduki dute herriaren garapenean. Kontua da ekosistema berezia sortzen dela bertan, izan ere, itsasaldiek ekartzen duten ur gazia ibaiaren ur gezarekin elkartzen baita bertan. Aizkorriko magalean jaio eta 60 kilometro egin eta gero, hemen hartzen ditu Urola ibaiak bere lehen tanta gaziak, bere amaiera hurbil ikusi eta negarrez hasiko balitz bezala.

 

bedua paisaje

 

Nik negarrari eutsiko diot, baina behin industria guneak atzean utzi eta herriaren sarrera ikustearekin bat, liluratuta geratzea da normalena. Zumaiak oihartzun handia hartu du Flysch-ak eta "Juego de Tronos" telesailaren grabaketan direla eta, baina herri honetan hori baino askoz gehiago topatuko dudalakoan nago. Horregatik turismo bulegora gerturatzea erabaki dut.

 

turismo cartel zumaia

 

Herriko hainbat puntu interesgarri gomendatu dizkidate eta aurrenekoa bulegotik irten eta pare-parean aurkitu dut.

 

zumaia exterior

 

Merkantzien antzinako tren estazio eta errailek garbi adierazten dute gaur egun jendeak zuhaitz eta belardi artean ematen dituen paseoak, bere momentuan, ikatzak, harriak edo burdinak ematen zituela.

 

carril zumaia

 

Hemen ematen ditu Urola ibaiak bere azken pausuak Narrondo ibaiarekin elkartu eta itsasoan galdu arte.

 

canon zumaia

 

Zubi txiki bat pasa dut baina ibaiarekin paraleloan naramate oinek, bere albotik urrundu nahi izango ez balute bezala.

 

zumaia ciudad

 

Atentzioa eman dit errepidearen beste aldean etxe bat aurkitu izanak bere bakardadean. Kaleari amaiera (edo hasiera, nondik begiratzen duzun) ematen dio etxeak eta gainontzekoak ez bezala edifizioa ez dago ezeri lotuta. Beno, lotura bat badauka, etxearen azpialdean elkarte bat aurkituko baitugu: Pulpo elkartea hain zuen. Izen berezia. Galiziarekin lotura izango al du?

 

olagarro zumaia

 

Atearen parean plaza txiki aurkituko dugu eta plazaren beste aldean beste eraikin berezi bat, balkoi handi batekin.

 

cofradia zumaia

 

Gerora jakin dut hori Arrantzaleen Kofradia zela. Dagoeneko “San Telmo” kofradiak ez omen du existitzen baina edifizioari “kofradia” deitzen jarraitze diote eta jaietan adibidez bertatik igo eta jaisten da herriko bandera, edota herriko kirolariek gauza handiak lortutakoan bertan egiten zaie ongietorria. Bi etxe hauek txiki gelditzen dira baina, ondoan aurki dezakegun eraikinarekin. Gaur egun guztiz eraberrituta dagoen kultur etxea, bere garaian alondegia izan zen.

 

edificio zumaia

 

Lehengaiak itsasora eraman eta handik zetozenak gordetzeko egundoko eraikuntza zen hau eta garbi gelditzen da garai batean itsasontziak, gaur egun urtean zehar egiten diren kultur jardueren egutegia antolatzen den eraikineko atariraino iristen zirela, eta horren erakusgarri den argazki bat ikusi ahal izan dut pixka bat aurrerago dagoen parkean.

 

cartel plaza

 

Gizakia gauza asko egiteko kapaz da, baita ur gainean zementuzko parke bat eraiki, herri baten paisajean betiko aldaketak egin eta hauek normaltasunean barneratzekoak ere, lehengo paisajea ahanzturan utzi arte.

Amaiako parke honetan garbi ematen du bere presentzia aditzera San Pedro parrokiak. Bere dorreak defentsarako gaztelu dirudi, arrantzaleen zaindari izateaz gain, San Pedrok herritarren zaindari izan nahiko balu bezala.

 

zumaia plaza presente

 

Alde zaharraren ipar-ekialdean kokatuta, XIII. mendeko eliza gotikoa da eta kanpoaldetik duen gotorleku itxura horren barruan, Euskal Herriko nabe bakarreko gune gotiko ederrenetako bat omen dauka. Kafetxo bat hartu eta kale artean galdu naiz beste plaza batera iritsi arte. Han atentzioa eman didan beste eraikuntza batekin egin dut topo. Westerneko filmetan konbentuek izaten duten itxura daukan eraikinaren kanpoan "Algorri interpretazio zentroa" irakurri dut. Zer ote da? Antzerkiren bat? Interpretazio zentroa, zer demontre da bestela?

 

algorri edificio

 

Barruan aurkitu dudanak baina, erabat aldatu du nire “interpretazioa”. Naturaren eta geologiaren historian bidaia bat egiteko moduko lekua da hau. Zentro honek inguruko ekosistema ezberdinak ezagutzeko aukera paregabea eskaintzen du eta ikus-entzunezkoari esker eta erakusketari erreparatuz herri honek duen altxor naturala hobeto ezagututa irteten da bat bertatik. Europako marearteko zabalgunerik ikusgarrienetako bat dago Zumaian, 200 espezie baino gehiagoren bizileku da eta Euskal Herriko kostaldeko ekosistemarik polit, aberats eta konplexuenetariko bat du. 200 espezie horien artean, olagarroa ere egongo ote da?

Zentrotik irten eta ibaiak berarekin eraman nahi izan banindu bezala, aurrera jarraitu dut ur gazi-gezekin paraleloan, kai-muturra hasten den lekuraino.

 

zumaia barco

 

barco mar zumaia

 

Bertan baserri itxurako etxe bat ikusi dut dena belar-hesiz inguratuta. Julio Beobide museoa da hau. Zumaiar eskultoreak euskal eredu herrikoiak eta eskultura erlijiosoak landu zituen nagusiki eta gaur egun bere zirriborroak eta artelanak ikusteko aukera dago lantoki izan zuen lekuan, museo bihurtu baitute.

 

museo zumaia

 

Etxe honen gainean aurkituko dugu faroa (edo Zumaian esaten duten moduan “Paola”). 1870ean eraiki zen, Zumaiako portura sartzea nahiko arriskutsua baitzen garai hartan. Gaur egun, bertan bizi den langileak (ezin da bisitatu) kirol portura sartu nahi duten itsasontziak gidatzen ditu bere 12 metroko dorretik, Bizkaiko lurrak alde batera eta Lapurdikoak bestera ikusten dituen bitartean.

 

faro zumaia

 

Eta sukalde handia egongo ote da bertan? Gosea sartzen ari zaidan seinale. Banoa bazkaltzera, eta horretarako herri guztia gurutzatu eta Beheko Plaza jatetxeraino joango naiz.

Bainak parrilan bertako olagarroarekin eta salbera (hondarrazpiko ere deitzen omen zaio). Normalean menu batean aurkitzen zaila izaten dena. Olagarroz inguratuta nabil!! Galdetu dut eta itxuraz Zumaia oso lotuta dago animalia honi. Flysch-ak osatzen duen harraldean arrantzatzen dute eta Zumaian tipikoa den “Olarru-zopa” egiteko sikatzen jartzen dute, deshidratatu arte. Egunen baten probatu beharko dut!! Egia esan, ederto bazkaldu dut eta beste egun erdia lekuak ezagutzen jarraitzeko energia berreskuratuta, turismo bulegoan gomendatutako leku gehiago ezagutzera noa.

Xarma gehien daukan auzoetako bat da Artadi. Menditxo baten gainean dago eta bere San Miguel elizaren albotik paraje ederrak ikus daitezke.

 

artadi iglesia 

 

Itsaso zale den orok maite izango du hemendik ikusten dena. Egia esan, edozein maiteminduko litzateke hemengo bistekin. Izenak berak ematen dio izana gainera auzoari, izan ere garai bateko klima epelago eta lehorrago baten arrastoa den artadiz osatutako basoaz inguraturik baitago.

 

paisaje artadi

 

zumaia paisaje

 

Behera jaitsi eta kirol-portuan egin dut geldialdia.

 

puerto zumaia

 

Herriko erdigunea aurrez-aurre, “Paol”erako bidea parean aurkituz, itsas bidaiariak leku benetan erakargarria dauka hemen atseden hartzeko, baina edozein herritarrek ere giro berezian paseatzeko eta aisialdiaz gozatzeko aukera dauka bertan.

 

paseo puerto zumaia

 

Portuan zaudela eskuinera begiratuta Santiagoko padurak aurki daitezke eta zorte apur batekin hor bizi diren hegazti migratzaile ugarietako batzuk aurkituko dituzu.

 

dunas zumaia

 

 Padura honetan bertan aurkituko dugu Ignacio Zuloaga eibartar pintorearen etxea izan zena eta baita ere bere obrekin eta beste artista batzuen obrekin beterik dagoen museoa. Zuloaga ospetsua da Espainiako kostunbrismoa islatu zuelako, besteak beste zezenketak.

 

zuloaga casa

 

Aurrerago geratzen da Santiagoko (edo bertan esango zuten moduan “Santiyo”ko) hondartza. Honen goiko aldean beste fenomeno bitxi bat aurki dezakegu: dunak. Bai, hareazko metaketek sortutako menditxoak. Landareek jakin izan dute haize eta olatuen eraginera, gazitasunera, lurzoruaren ezegonkortasunera… moldatzen eta dunak estaltzen dituzte leku askotan. Hala ere ez nuke berehala sinistuko horrelako gauza bat aurkituko nukeenik hemen. 

 

santiyo playa 

 

Konturatu orduko iluntzen hasi da eta erlojuari begiratuta, etxera itzultzeko ordua dela konturatu naiz. Ta Flysch-a ezagutu gabe!! Beste egun baten derrigor etorri beharra daukat gaur ikusi ezin izan dudana, eta horrenbesteko fama duena ikusi eta bisitatzera. Autora bidean pertsona batekin gurutzatu naiz eta kantatzen zihoan abestiari erreparatu behar izan diot derrigor:

 

 

“Zumaia tiene a su entrada, empalme con dos carreteras,

 

Getaria San Sebastián y la de Bilbao por Deba.

 

Es una villa industrial, comercial y mercantil,

 

Tiene puerto con su ría, línea de ferrocarril.

 

VENID, VENID, VENID, LLEGAD,

 

VENID, VENID, VENID, LLEGAD,

 

VENID, LLEGAD que el pueblo de Zumaiaaaaaaaaa

 

¡¡Es un pequeño San sebastián!!”

 

 

Argi dago, Zumaian gauza asko daude Flyschetik harago.

 

inaki dedo

 

 

Iñaki Sare

 

 

 

 

 

 

 

 

Astelehena, 27 Azaroa 2017 14:10

Bainua hartuz “Liliuratzen” Zestoan

Orain hilabete batzuk, zestoa bisitatu nuenean, liluratuta utzi ninduen herri honek zeukan historia. Vicente Davilaren eskutik gauza asko deskubritu ahal izan nituen, paleolitikoan hasi eta gaur egungo kontuak bisitatuz. Baina penaz gelditu nintzen Liliko jauregia ezin izan nuelako barrutik ikusi, hau asteburutan bakarrik zabaltzen baita eta bertan egiten diren bisita antzeztuetako bat bizitzeko gogoz egon naiz ordutik. Baina ez hori bakarrik. Badakit jakin, jende gehienak jakingo duen moduan, Zestoak fama handia hartu zuela bere momentuan bainuetxearengatik eta hau ere bisitatu gabe gelditu nintzenez, orduan eman nuen hitza bete eta berriz ere kotxea hartuta, Zestoarako bidean jarri naiz.

Egingo dudan aurreneko gauza Lili bisitatzea izango da. Bertara bidea zein den ezagutu nuen Ekainberrira joan nintzenean bertatik pasa bainintzen. Beraz, autoa erdigunean utzi eta gero, Turismo bulegotik pasa naiz erreserba egitera eta jauregirantz abiatu naiz.

 

oficina turismo zestoa

 

Aurrekoan bezala, aldapan behera joan naiz Urola Ibairaino, zubi zaharra pasa eta Lauiturri atzean utzita segituan iritsi naiz Lilira. Aurreneko bisitan hartuko dut parte.

 

lili senales

 

Lili jauregia Zestoako bailarako historiaren puntu garrantzitsuetako bat da. Lilitarrak inguruko nekazaritza lur, baso eta erreka askoren jabeak ziren, eta bere jabetzako baserriek errenta ugari ordaintzen zituzten.

 

lili exterior

 

Haien aberastasuna burdinaren eta zuraren lanketan oinarritzen zen, eta jauregia lilitarren gizarte mailaren erakusgarria zen. Baina, atea zabaldu bezain pronto, sartu ahal izateko “sarrera-txanpona” eskatu eta zerbitzari berria izango nintzela eskatu zidaten!! Ni!! Bandeja bat salatik sukaldera eramateko gai ez naiz eta!!

 

entrada lili

  

Hau deskalabrua… gainera zalditegian utzi naute. Gero konturatu naiz pasarte hau ere, bizi izan dugun antzezlanaren parte bat dela. Izan ere, antzezlan honetan, bakarrizketa baten bitartez, jauregian bizi izan zen lilitarren leinuko azken biztanleak, “Andre Madalenek”, 1678. urtera eraman gaitu eta jauregiari bisita eginez, orduko Gipuzkoa nolakoa zen erakutsi nahi izan digu.

 

carro lili

 

Historia gogorra da familia honena. Dena izatetik sekulako gainbehera batean sartzera pasa baitziren eta antzezlana gidatzen duen aktoreak modu bikainean sartu nau tristezia mundu horretan. Txundituta jarraitu dut esaten zidan guztia, zerbitzariak jabeari bezalaxe. Bigarren pisura igota, Jauregi gutxitan aurki daitekeena bezalako areto nagusia ikusi ahal izan dut, Italiar eta Flandriarren inbidia. Garai oparoetatik ihesi baina, Andre Madalenen senarra atxilotu zutenetik, desohorearen, lotsaren eta tristuraren laino beltzek etxea hartuta dago eta euskal emakume honek, bere barruan dituen indarra eta adorea nola ateratzen dituen bizi ahal izan dut.

lili bat
hartu
eta hostoz hosto
erantzi
eta harek zu ere
amets
eta harek zu ere
erantzi
eta hostoz hosto
hartu
lili bat.

(Mikel Laboa)

Bisita amaituta, oraindik ez nago ziur gaur egunean gauden edo orain dela lau mende. Palazioa bikain dago zaharberrituta. Berau janzteko erabilita dauden tresna eta altzariek garai haietara eramaten zaituzte ezbairik gabe. 

 

lili teatro

 

Lilitarren gainbeherak, herriko beste fenomeno batekin kointziditu omen zuen denboran: Gesalagako ur termalen aurkikuntzarekin hain zuzen ere. Zestoak ur mota hauekin duen elkarbizitza beraz, oso da aspaldikoa eta honi eta herriak honi esker bizitako boom turistikoari buruz gehien jakin dezakeenetako bat Vicente Davila denez, berarekin gelditu naiz. Eta nun hobe Bainuetxean baino? Hala ere, denbora tarte bat badaukat oraindik eta tripa hotsek gaur egunera ekarri eta estomagoari kasu egin behar diodala esan didatenez, Mollergi tabernara gerturatu naiz mokadutxo bat jatera.

 

pincho mollergi

 

Urdaiazpiko eta piper berdez beteriko kuiatxozko pintxo ederra jan dut. Presentzia ederra bazeukan, zaporez zer esanik ez! 

 

entrada balneario zestoa

 

Beti bezain umoretsu eta irribarretsu hartu nau Vicentek. Beti irakasteko prest. Beti bat ahoa bete hortz uzteko prest. Lehenik, zubira eraman nahi izan nau, bertatik ikusi ahal izateko bainuetxean eraiki zen lehenengo eraikuntza: “Casa Baños” edo Bainu etxea”

 

pasillo puente balneario

 

Izenak badauka logikarik ez? Berau 1806koa omen da baina bainuetxea eraiki aurretik bertan jendeak bainuak hartu eta bertako urak eraten zituela ere jakina da. Jovellanos izeneko aditu batek eman zuen honen berri aurrenekoz, Zestoan, ibaiaren ondoan putzu batzuetan, jendeak gaixotasunetatik sendatzeko urak hartzen zituela esanez hain zuzen ere.

Bi iturburu ditu bainuetxeak eta batetik ura 31 gradutan irteten da eta bestea 29tan. Esaten da, bere garaian, elurra egiten zuenean, inguru honetan ez zuela zuritzen. Normala!! Gradu horietan irteten bazen orduan ere ura!! Tenperatura ezberdinak bakarrik ez, urek konposizio ezberdinak ere badituzte eta itxuraz bata ona da gibeleko gaitzak sendatzeko eta bestea giltzurrunarentzat. Urak berez, belardi arteko iturburu txiki batzuetatik irteten zen, baina jendearengana errazago heltzeko, nolabaiteko bi koba eraiki zituzten, Lourdes irudikatuz bezala, hemengo urak, hangoak bezala, mirarigileak direla irudikatuz. Bertatik pasatzen ziren bisitari guztiak ur baso bat hartu eta paseoan ibili eta gero bizitza soziala egiteko. 

 

enbotellado agua zestoa

 

Hori bai, guztiak komunetik pasatzen ziren aurrena, tripa guztiak garbitzen zituztelako ur hauek eta… gaurko kolazko freskagarrien antzera izango zen bada!! Botiletan ere saldu omen zuten Espainia eta Hego Ameriketan. Eta Urola trenari esker gainera etxe askotara iritsi omen zen.

Eraiki zen bigarren etxea, “Sarrerakoa” izan zen , 1852. urtean. Gaur egun frontoia dagoen lekuan omen zegoen.

 

balneario zestoa pasado

 

Eta bainu etxearen artean eta sarrera honen artean egundoko pasealekua egin zuten, jendeak bainuak hartzeaz gain paseatu zezan. Geroagokoa da Hotela edo “Gran Hotel” deritzona, 1895ekoa hain zuzen ere. Eta ondoren etorri ziren Alameda eta Etxeberri hotelak. Aurrenekoaren azpia gainera dendez bete zuten. Modu horretara mikrokosmos antzeko bat sortu zen, bisitariek bertatik irten behar ez zutelarik, bertan zutelako behar zuten guztia. Herri baten zegoen beste herri txiki bat zirudien, diruak sortzen duen mailaketa soziala eta guzti. Diru gehien zutenek Gran Hotelean hartzen zuten ostatu, bere igogailu, joko gelak, jantoki handi, musikari, kapila edo telefonistekin besteak beste. 

 

piano balneario zestoa

 

Zestoa Europako mapan kokatua zegoen jada Bainuetxeari esker. Pentsa, Alfonso XIIIren denboretan, ministro kontseiluak ere egin izan zirela bertan. Eta bainuetxearen itzalean, herria hotelez bete zen, 13 guztira, herriaren bizigarri izan zirenak . Hainbat momentu goren bizi izan zituen Bainuetxeak, batez ere, XX mendeko hasieran, Gudu Zibilaren aurretik eta gerora, 50. hamarkadan ere.

Hain handia izan zen hartu zuen fama, bere momentuan, ur gehiagoko emaria edukitzeko hainbat formula ezberdin bilatu zituztela, izan ere, zeukan bezero kopururako ur nahikorik izango ez ote zen beldur ziren. Gaur egun 200 bat pertsonek hartzen dituzte bainuak egunean, baina ura nahikoa badago guztientzat.  

 

comedor balneario zestoa

 

Vicentek hainbat historia kontatu dizkit, Pio Barojari edo Azorini adibidez, ez zitzaiela bat ere gustatu Bainuetxea gustatu bertan bizi zen giro aristokratiko eta aspergarriagatik. Aureliano Guerra y Orbe ministro ohiari berriz, zoragarria iruditu zitzaiola eta Zestoa eta bere inguruaz maiteminduta amaitu zuela. Edo, “Ama Begira Ezazu”ren pre-estreinaldia eta “Handiya” bezalako filmen grabaketak ere Bainuetxe honetan egin zirela. Edo, eraiki zuten zubiak zer nolako garrantzia izan zuen “bañistak” bertaratu ahal izateko. Edo herrian zegoen ohitura, Bainuetxera errekatik gabarra txikitan etortzekoa… Orduak egongo nintzateke berari entzuten. Uste dut, eskolan historia horrela irakatsi bazidaten, gaur egun historialari bat gehiago egongo litzatekeela munduan. 

 

comedor otro balneario zestoa

 

1983an Euskadin egon ziren uholdeek txikitu egin zuten Bainuetxea, baina berreraiki eta berriz ere garai batzuetako indarra berreskuratzen hasia da dagoeneko. Gainera, geroz eta gazte gehiagok bizi nahi izaten dute bainuetxeetako bizitza. Eta zer demontre, orduko eta gaur egungo bisitariek bizi izan dutena bizitzeko modurik onena nik ere probatzea izango da ba…

 

exterior balneario zestoa

 

Gorputza eta burua berria bailitzan utziko nauen “wellness” tratamendu batekin eta bainu lasaigarri bat hartuaz agurtzen naiz. 

 

piscina balneario zestoa

 

Orain ulertzen dut zergatik nahi izaten zuten Europa guztitik Urola Bailarako herri txiki honetara etorri.

 

termal balneario zestoa

 

Agurtu aurretik, ezin ahaztu, ondoan izan dudan Vicente Davilarekin (626 036 990 edo E-mail hau spam roboten kontra babestuta dago. JavaScript aktibatuta izatea behar duzu hau ikusteko.). Berriro ere nire bidai ikaragarri honetan lagundu didan, dagoeneko esan dezaket, laguna. Berari entzuten orduak eta orduak pasako nituelako behin eta berriro. Bainuetxeko Mayte Rodrigezeri, esker bereziak eman nahi nizkioke, bere “etxeko” ateak zabaldu eta txoko guztiak ezagutzeko aukera emateagatik. 

 

 

 

Iñaki Sare

 

 

 

Eguneroko bizitzak, eguneroko errutinak, egunero ordu berdinean jaiki, berdina gosaldu, lan orduetan ordenagailuaren aurrean orduak pasa eta etxera iritsita betiko kateetan betiko telebista programak ikustera eramaten gaitu. Horrek nolabaiteko estresa sortzen du gorputzean. Niri bai behintzat eta horregatik noizean behin bidaia txiki bat egin ohi dut autoa hartuta eta musika topera daukadala, gure inguruak ezagutu eta beraietaz gozatuz, burua pixka bat liberatzeko asmoarekin.

 

inaki interior coche

 

Eta Euskal Herriak ematen du hori egin ahal izateko beta. Itsasoa eta mendia horren gertu egoteak, bat-batean leku turistiko eta masifikatu batetik toki bukoliko eta bakarti batera iristeko aukera ematen dizu instant batean. Industria gune batetik, belardi batera salto egin dezakezu bi minutuko kontuan. Eta hori argi eta garbi ikus daiteke azken aldian horrenbeste bisitatzen ari naizen Urola bailaran.

 

paisaje vasco

 

Horregatik gaurkoan ere nire barruan txoko handi bat hartzen hasia den lur hauetara egingo dut bidaia. Nolabaiteko bidaia ezkutua, jendearengandik pixka bat ihes egin eta paisaiaz disfrutatu eta egunerokotasunetik ihes egin ahal izateko. Hasi naiz google maps-en begiratzen baina Urola turismoko Oihanari deitzea hobe izango delakoan, hark pista batzuk eman dizkit: “Balcón de Gipuzkoa” – Errezil – Erdoizta – Santangrazi – Aizarna – Aizarnazabal. Bidaia hau egitea gomendatu dit eta noski, nik kasu egingo diot.

 

itinerario touring

 

Tolosatik Errezilerako bidea hartuta, Albistur eta Bidania-Goiatz atzean utzi ditut.

 

cruce tolosa errezil

 

Hortik gutxira iritsi naiz “Trintxera” esaten dioten lekura. Berez, iturburuko gaina dauka izen ofizial moduan, baina guztiek ezagutzen dute Trintxera moduan Errezilgo auzo hau.

 

trintxera cartel

 

Bertan hostal bat egon zen bere momentuan eta egiari zor leku ikaragarri polita da, Gipuzkoako lur handi bateko ikuspegia daukazu eta bertatik.

 

balcon de guipuzcoa

 

Horregatik deituko diote seguruenik “Gipuzkoako balkoia” edo “Balcón de Gipuzkoa”. Bidaia bista zoragarri hauekin hasi badut… gozatuko dudalakoan nago. Auto martxan jarri eta Azpeitiarako bidea hartu dut. Hemendik 4-5 kilometrora dago Errezil baina bihurgune pare bat pasata herria ikus daiteke eta hau ikusita gogora etorri zait “Errezil, nekez jaio eta errez hil” esaera zaharra. Ez dakit hau egia izango ote den, baina bere garaian herri honek, mendi artean (Ernio azpian) egonda ere, egundoko garrantzia izan zuen Gipuzkoako lurraldean.

 

errezil carretera

 

Esaten denez, herri honetako soroek probintziako garirik hoberena ematen zuten eta horrexegatik, XVIII. eta XIX. mendeetan errezildarrei, jasotzen zuten gari anega bakoitzeko, Gipuzkoako beste edozein lurraldeetakoei baino erreal bat gehiago ordaintzen zitzaien. Agian, zailtasunez beteriko herria izango da, “herri txiki, infernu handi” dio baita beste esaera zahar batek, baina ikusten dudanagatik behintzat, patxadaz eta lasai bizitzeko lekua dirudi.

 

errezil coche

 

Bihurgunez beteta dago bidea eta komeni azkarregi ez joatea. Gainera, merezi du lasai ibiltzea paraje hauetatik. Izarraitz parez pare ikusita, ezker-eskubi belardi eta baserri zaharrez inguraturik aurkitu dut nire burua. Errezil erdi-erditik pasatzen da errepidea eta beherantz jarraituta, zuhaitz artean ibiliko naiz denbora batez.

 

linea carretera

 

Euskal Herriko usain “karakteristiko” bat ere nabaritu dut; zatza partitzen ibiliko ziren seguruenik. 15 minutu ere ez dira pasa Benta Berriko bidegurutzera iritsi naizenerako eta hemen eskuinera hartu dut, Erdoiztarantz.

 

cruce erdoizta

 

Bidea estuagoa da orain, momentu batzuetan, Pirinioetan edo Suitzako mendi magaletan egongo banintz bezala noa. Beste momentu batzuetan baso baten barruan nagoela iruditzen zait. Oh, oh!! Kotxea parean! Larri pasatu gara bat alde batera eta bestea bestera, eskerrak ondo baztertu den! Bideak gora jarraitzen du eta “segunda” sartuta denbora askoan ezkerretara ikusi daitezkeen bistez gozatu dut. Hala ere, komeni aurrera begiratzea, kurbaren batean bestela… Hara! Kattagorriak!!

 

carretera arbol

 

Iritsi naiz goraino. 800 bat metrora egon beharra daukat gutxienez igo dudan guztiarekin. Ia 25 minutu pasa dira “Gipuzkoako balkoitik” txangoa hasi dudanetik; bidegurutzea hartu eta bigarren mugarriaren bila noa: Erdoizta.

 

cruce pueblo erdoizta

 

Errezileko auzo honetara iritsi bezain pronto parez-pare aurkitu dut San Isidro Baseliza. Laborarien patroiaren omenez eraiki zen XIX. Mendearen hasieran nahiz eta duen zilindro eragatik eta erdi-puntako arkuz eginiko sarrerengatik erromanikoa dirudien.2003an Eusko Jaurlaritzak Sailkatutako Kultura Ondasunen barruan “Monumentu” moduan izendatu zuen. Bitxia da, ikusten dudan zilindro forma duen aurreneko ermita baita, eta oker ez banago Gipuzkoan ez dago forma au duen besterik.

 

san isidro iglesia

 

Gainera, zilindro bat bestearen gainean bailego dago eraikia, eta barruak ere borobil forma edukita ere, bi kapera txiki hartzeko gai da. Monumentu ederra da eta orain ez asko berritu dutela dirudi.

 

interior san isidro

 

Hartu dut berriz ere autoa eta bide beretik, kostalderantz noa: Aizarnara. Errepidean aurrera, metroak behera egiten ari naizela esango nuke, baina mendia ere nerekin behera datorrela dirudi, denbora denean, zuzenguneetan pixka bat azkarrago joanda ere, tontorretik jarraitzen dudala dirudi, Kilian Jornet, behin tontorra egin eta mendiaren ertzetatik behera korrika hasten denean moduan. Minutuak aurrera pasa ahala, zuhaitz artean sartu naiz, errepidea bihurgunez josi da eta autoaren abiadura jaitsi behar izan dut halabeharrez. Jende artean egotera ohituta dagoenari arraroa egingo zaio hemendik ibiltzea. Apenas ikusten da inor, autoak gutxi eta pertsona bat ikusi orduko, bozina joka hasi naiz bera agurtu nahian. Pentsatuko zuen: “Zoro hau nondik atera da?”. Bakean dagoena bakean utzi behar omen da eta, hobe dut nik ere aurrera jarraitzea.
Aizarnara iritsi aurretik baina badaukat derrigorrezko geldialdi bat egiteko, Oihanaren gomendioei jarraituta: Santa Engraziko ermita hain zuzen ere.

 

santa engrazi paisaje

 

Eskubira hartu dut bidegurutzea eta baserri baten ondoan utzi dut autoa. Oinez 10 bat minutu omen dira eta hankak pixka bat luzatzea ondo etorriko zait. Harrizko bidetxo batetik hasi eta zelaian amaitu dut tontortxorako bidea, eta hemen aurkitu dudanak zur eta lur utzi nau. 1.600en auzolanean eraikitako baseliza xume honek egundoko xarma dauka. Kontakizun batzuek diote ermita dagoen lekuan gaztelu txiki bat egon zela ertaroan, baina dirudienez, aurrez egon zen ermita tximista batek aurretik eraman zuen, seguruenik egurrezkoa izango zelako.

 

santa engrazi ermita

 

Oraingoa dena harria da, baina bere sinpletasunean dago bere xarma. Baina eraikinaz harago, bere ingurua da edozein liluratuko lukeena. 510 metroko altueran, Pagoetako Natur Parkean kokatua egoteak inguru zoragarri batez gozatzeko aukera ematen dio, sekulako bistekin, Ernio eta Izarraitz, nola ez, baina baita kostaldeko lur eta itsasoa ere. Euromilloiak tokatuz gero, badakin nun egingo dudan nire etxea!
Azpiko horrek Aizarna behar du izan eta tripa zorroak hitz egiten hasi direnez banoa ia bazkaltzeko tokiren bat topatzen dudan.

 

aizarna paisaje

 

Aizarna berez, Zestoako auzo bat da, baina herri txiki baten itxura guztia du, eskola txikitik hasi eta eleiza arte, harrizko etxeetatik eta plaza laukizuzen ederretik pasata.

 

aizarna centro

 

Aranburu izeneko jatetxean bazkari ederra zerbitu digu “Anbu”k. Digu diot, nik bezain besteko gosea duen Kolonbiako neska batekin eta beste gizonezko batekin partekatu baitut jangela. Itxuraz neska Santiago bidea egiten ari da eta bere jakinmina asetuz gizonezkoak inguruko bide eta kondaira guztiak deskribatu dizkio.

 

ensalada aranburu

 

Tripa ederto beteta, berriz ere autoa martxan jarri eta errepidera atera naiz. Irratia piztu eta Gatiburen kanta eder bat bozgorailuetatik irtetea biak izan dira bat:

 

 

Munduan zehar biraka dabilen

bidaiari zintzoa naz ni

dekodana, eskeintzen dot

nahi dodana hartu.

Librea naz

libre jaixoa

librea

edozein lekutan.

 

 

Leihoa jaitsi eta topera kantatzen eskua atera dut. Automatikoki olatuarena egiten hasi naiz; “Te gusta conducir?” zion orain urte batzuk telebistan botatzen zuten iragarki batek. Halaxe nabil ni. Gezurra dirudi noan errepidetik joanda, hemendik 5 kilometro baino gutxiagora industria-gune bat dagoela jakiteak. Kosta pixka bat urrunago gelditzen da, baina jendea surfean ere ikusi ahal izan dut bidean noala. Aizarnazabal kanpoaldean Surferoentzat laku artifizial bat egin zuen orain urte batzuk enpresa batek eta entrenamenduetarako erabili ohi dute askok eta askok.

 

 

cruce aizarna aizarnazabal

 

 

15 minutu ere ez dira pasa Aizarnatik irten eta Urola ibaia gainetik pasatuz Aizarnazabaleko herrian sartu naizenerako.

 

 

cruce aizarnazabal

 

 

Historia berezia duen herria da hau. Ibañarrietatik Aia eta Zarautzera zioan bide zaharreko bidegurutze batean kokaturik Zumaiako parte izan zen, 1861ean burujabetasuna lortu zuen arte. Herrigunera heltzeko aldapa bat igo behar izan dut eta parez pare aurkitu dut Mikel Goiangeruaren parrokia, bere frontoiarekin eta pixka bat aurrerago Udaletxea. Bertan aparkatu dut autoa eta seguruenik herri guztia elkartu dezakeen herriko plazaren erdian jarrita alde guztietara begira jarri naiz. Aurrena, frontoia. Elizako paretetako bat aprobetxatuta Euskal Herriko herri askotan egin izan den moduan, garbi uzten du kirol honen hastapenak non izan ziren.

 

 

aizarnazabal fronton

 

 

Parrokia XVI. mendekoa omen da, Erdi Aroan zegoen beste baten gainean eraikia. Ezkerrera eginez Udaletxea dago. Urte asko dituen eta berriztua izan den eraikin baten tankera badu ere, nahiko berria dela esan daiteke, 1954 eraiki baitzen. Hori bai, herriko etxeen estilo tradizionalari jarraitu zioten eraikitzerako orduan.

 

aizarnazabal ayuntamiento

  

Berriz ere ezkerrera eta taberna bat ikusi dut parez pare. Eta nola ez, gosea eta egarria sartu zaizkit. Banoa bertara, mokadu bat jan eta trago bat hartzera!
Bidaia luzea egin dudala dirudi eta neke pixka bat somatzen hasita nago. Egiari zor, hasiera puntutik kotxean pasa dudan denbora ez zen ordu eta laurden baino gehiagokoa izango, baina leku eta paraje eder pila ezagutzeko tartea izan dut. Esan didatenagatik, Touring honek jarraipena du kostaraino, Zumaiara arte hain zuzen ere, baina gaurkoz nahikoa egin dudalakoan nago. Deskonektatu dut eta estresa gainetik kendu ere. Hasi naiz konturatzen kotxea ez dela estresa sortzen duena, trafikoa baizik. Autoaz eta autoarekin disfrutatzeko moduko bidaia da Touring Urola hau. Benetan gomendagarria. Ah! Eta euskal musika topera jarrita bidaia eginez gero zer esanik ez!!

 

dedo inaki sare

 

 

Iñaki Sare

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

Ezin dizuet ukatu, Urola bailarak harrapatu egin nau. Loiolatik hasi eta Beizamako belardietara, Zestoako kale, Azkoitiko frontoi edo Azpeitiko tren museotik pasa eta gero. Leku guztiek dute bere xarma, guztiak ezberdinak izanda ere, baina bailarak badauzka bi gauza komunean: ibaia eta Izarraitz.

 Archivo 000(12)

 

Beti esan izan dut, ni mendi artean bizi zalea naizela baina ez mendira igo zalea. Hala ere, gaurko bidaia honetan 1000 metrotik gora igoko naiz. Izarraitz ezagutuko dut.

Badaezpada ordea, bide errazenetik igoko naiz, hau da, Attolatik.

 

 Archivo 000(8)

 

Kondairak dio Izarraitzek Izazpi mendiari galdetu omen ziola hi zer haiz? eta hark erantzun Hi, zazpi eta hortik omen datoz hauen izenak. Hala jasotzen du behintzat Jose Migel Barandiaran antropologo eta etnografo ezagunak.

 

Archivo 000(10)

 

Benetan ez dakit esaten Izazpi Izarraitz zazpi aldiz den, baina kontutan hartuta Izarraitzeko mendiguneak, berez 14 tontor dituela… Erlo, Xoxote, Kakute, Sesiarte, Agido, Atxurigain, Gorostizabalgaña, Aittolako punta, Aitzbeltz, Aittolako gurutzea, Gaintxipua, Andutz, Saltsamendi eta Garallutz. Ezagunenak hori bai, aurreneko hiruak dira eta ibilbide honetan hiruak ezagutzen saiatuko naiz.

 

Archivo 000(22)

 

Elgoibarretik Azkoitiarako bidea hartuta Azkarateko gaina pasa eta Madariaga auzora hartu dut Attolara joan ahal izateko. Bertan aurkitu dudan parkinean utzi dut autoa.

 Archivo 000(38)

 

Hemendik Xoxoteko aterpetxera lau kilometroko eta ordu eta erdiko bidea daukat gutxi gora behera, ia 300 metroko desnibelarekin. Eskerrak ez naizen betiko bidea diotenetik etorri, hau da Azpeititik zuzenean datorrena, 850 metroko desnibela igo beharko nuelako 920 metro dituen mendi bat igotzeko.

 

Archivo 000(40)

  

Attolako aparkalekutik gora eginda segituan ikusiko dugu mendikateari buruzko informazioa ematen digun kartela.

 

Archivo 000(32)

 

Honen ondoan zuhaitz artean sartuko gara eta lurrezko pista zabal batetik jarraitu dut beste kartel bat aurkitu dudan arte: Xoxote, Erlo, Kakute. Bide onetik noa.

 

Archivo 000(23)

 

 

“Mendian gora haritza

Ahuntzak haitzean dabiltza

Itsasoaren arimak dakar

Ur gainean bitsa.

Kantatu nahi det bizitza

Usteltzen ez bazait hitza

Mundua dantzan jarriko nuke

Jainkoa banintza”

 

(Xabier Amuriza/Imanol Lartzabal)

 

 

Archivo 000(19) 

 

Zuhaitz artetik atera bezain pronto, artzain txabola batera iritsi naiz. Eroria dago, baina bere momentuan inguru honetako larreetan ardiak ibiliko zirela ematen dit aditzera honek.

 

Archivo 000(27)

 

Belarretan gora, lurrezko bide bat hartuta sakon batera iritsi naiz (Trikuan Sakona deitzen diotela jakin izan dut beranduago).

 

Iturri batera ere iritsi naiz (Izkikoa omen) eta kantinplora betetzeaz gain, eztarria ondo freskatu dut.

 

Archivo 000(24)

 

Erloko antenaraino doan pistarekin bat egin dut baina segituan aurkitu dut Xoxote seinalatzen duen kartela.

 

Archivo 000

 

 

Gaur hori izango da nire helmuga, bertako aterpetxean lo egiteko asmoa baitaukat. Artzain borda batzuek pasata malda bat igo behar izan dut, ibilaldi honek tranpa zeukan niretzat, gogorrena bukaerarako egin baitzait!! Hala ere, umeekin ere egiteko moduko paseoa da, 4 kilometro eta 280 metroko desnibelarekin segituan heltzen zara aterpetxera.

 

Archivo 000(2)

 

Orain urte batzuk arte ardien gordeleku bezala erabiltzen zen txabola 1983an Lagun Onak Mendizale taldeko jendeak guztiz eraberritzen hasi ziren eta 84ko Xoxote egunez (maiatzaren 27a) inauguratu zuten aterpetxe moduan.

 

Archivo 000(1)

 

Gaur egun zerbitzu asko ematen dituen lekua da. Mendizaleak aldatzeko, zerbait jateko eta eguraldi txarretik babesteko leku batetik, gaur egun gosariak, menuak, plater konbinatuak edota afariak eskaintzen dituen toki bat izatera pasa da. Gainera 32 ohedun bi logela ditu, bere bainugela eta dutxekin, eta udaran egunero aurkituko duzu zabalik. Gaur esfortzu gehiegirik ez dut egin, baina bihar hiru tontor nagusiak bisitatzeko asmoa dudanez, afari eder batekin gozatu dut eta segituan joan naiz ohera.

 

Archivo 000(13)

 

Gau guztia pasa dut ametsetan, nola demontre egingo zuten ardi txabola bat eraikuntza puska hau bihurtzeko, ia mila metroko altueran? Herritar asko eta finak izango ziren. Beno ni ametsetan ere horietako bat bihurtu naiz eta Obelix ere ikusi du nire ametsean harriak ekartzen.

 

Archivo 000(21)

 

 

Bitxia da, baina Loiola Izarraitzetik eramandako harriekin eraiki zutela esaten da, eta Xoxoteko aterpetxea? Herritik ekarri zituzten harriak? Urola turismoko Oihanari zer galdetua badaukat. Afaria ederra izan bazen, gosaria ez da atzean gelditzen. Gaurko ibilbidea egiteko indarrik ez zait faltako!

 

 

Archivo 000(15)

 

Atzoko bidetik atzera egingo dut, aurreneko tontorra Azkoitiko lurretan dagoen Kakute izango baita. Aldapen behera erraz hasi dut gaur bidea eta segituan egin dut topo Erloko antenara eramaten duen pistarekin.

 

Archivo 000 (1)

 

 

Gero hartuko dut bide hau. Orain Zamalekuko lepotik (Kakute Xoxotetik bereizten duen lekua) Izkiko iturrira iritsi naiz berriz. Ezkerrera hartu eta berehala iritsi naiz Kakuteko gainean dagoen gurutze erraldoira. Behatoki modura erabili dut gurutzea eta ikusi dudana benetan ederra izan da. Urola bailara guztia ikusi daiteke hemendik, garai batean Iraurgi bailara bezala ezagutzen zena. 924 metrora nago, baina milatik gora igotzeko asmoz nagoenez, banoa, Izarraitzeko tontorrik altuenera:Erlora.

 

Archivo 000(11)

 

 

Berriz ere bidera jaitsi eta oraingoan bai, Erloko antenara igotzeko pista hartu dut. Eta handik, harri eta belar bidetik, iritsi naiz nire bigarren helmugara.

 

Archivo 000(46)

 

 

1026 metro ditu Erlok, ez da garaiegia, baina itsasotik horren gertu egonda, badirudi askoz ere altuera gehiagora zaudela. Eta noski, eguraldi onarekin… ia Euskal Herri guztia ikus daiteke hemendik.

 

 Archivo 000(47)

 

Ipar-ekialderuntz Landatako kostaldea ere ikus daiteke; hego-mendebaldera begiratuz gero, durangaldeko mendi harkaitztsuak, Anboto edo Udalaitz kasu; ekialdera begira jartzen bagara Aiako harriak, Larrun eta Pirinioak ikusiko ditugu, eta hegoalderantz biratuta Aralar, Aizkorri eta Urbasako mendilerroak.

 Archivo 000(43)

 

Archivo 000(9)

 

 

Euskal Herriko errege sentitzeko moduan. Mokadutxo bat jan eta gaurko hirugarren eta azken tontorrerako bidea hartuko dut. Banoa Xoxote!!

 

 

Archivo 000(14)

 

Buelta erdia eman eta berriz ere Zamalekurantz noa, hirugarrenez gaurkoan. Nabari da, hau izan daitekeela hiru tontorren erdia eta. Oraingoan baina, atzoko bidea hartu, eta gaur goizean iritsi naizen puntutik pasako naiz.Dagoeneko aterpetxea jendez beteta dago. Eta gehientxuenak, edo Xoxotera joateko asmotan, edo bertatik bueltan zerbait jaten ari dira.

 

Archivo 000(20)

 

 

Pista utzi eta eskumara hartuta segituan aurkitu dut San Ignazioren harrizko erreplika erraldoia. Badirudi, Urola bailara berak kontrolatu nahi duela, edota bailarako herritarrek edozein puntutatik ikusten denez, bertan zaindari bat dutela sentitu nahi dutela.

 

 

Archivo 000(7)

 

 

Tontor xumea da Xoxote, 912 metro altuerakoa, baina seguruenik tontorrik bisitatuena izango da. Aterpetxea gertu edukitzeak akaso izango du zer ikusia, baina uste dut honetan ere San Ignaziok badaukala zer esan. Bailara honetan dena ote dago berari lotua? Azpeitia bertatik bertara ikus daiteke, iñurri tamainan hori bai.

 

 

Archivo 000(5)

 

 

Erlon errege sentitu banaiz, orain Jainko sentitzeko moduan nago! Hobe beherako bidea hartzen badut, baten batek zoro hau nondik irten den galdezka hasi baino lehen.

 

Archivo 000(33)

 

Atzokoan bide erraza hartu nuen eta gaurkoan ohikoa hartuko dut, aldapa beherantz denez… Bidezidor batetik hasi naiz jaisten eta segituan topatu dut iturritxo bat. Baina, hori baino gauza ederrago eta bitxiago bat ere: Elur Zulo bat! (Azpeitian neberue bezala ezaguna) Gipuzkoan hobekien kontserbatuta dagoen elur-zuloa omen da eta hemen egiten zen izotza, Zestoako bainuetxera eta kostaldeko portuetara (Zumaia, Mutriku eta Ondarrura) izotz edariak egiteko idi-gurdietan garraiatzen zuten. Horregatik harrizko galtzada bat eraiki zuten bertaraino, Zestoatik igotzen dena eta gaur egun ere erabili daitekeena. Nik baina, ez dut bide hau hartuko, pagadi eta pinudi artean sartuko eta borda bateraino iritsi naiz.

 

Archivo 000(35)

 

Archivo 000(18)

 

“Nargun” izeneko gainetik behera, sigi-sagaka jaitsi naiz harrizko bide batetik, Urreta Txikira baserrira iritsi arte. Behera jarraitu dut eta “Bildotxola”, “Arantzeta” eta “Takolo” baserriak pasa eta gero “Santutxoko” ermitara arte heldu naiz. Eskilarak jaisteko ordua iritsi zait orain “Iturritxikira” iritsi naizen arte. Azpeitiko kaleetatik nabil jada eta bertan dago herriko plaza.

 

Archivo 000(6)

 

Iritsi naiz!! Ai ama!! Baina nik kotxea Attolan utzi nuen eta atzo!! Norbaitek eramango al nau??

 

IMG 1447

 

Nire txoko guztiak ezagutzeko nahiak orientazioa galduarazi didanez, eskerrak eman nahi nizkioke berriro, Urola turismoko Oihanari, oraingoan ere berak lagundu baitit hanka sartze hau konpontzen.

 

Garbi geratu zait Izarraitzeko itzulia autoz hasten badut biderik gomendagarriena, Aterpetxetik- Xoxotera, Xoxotetik – Erlora eta Erlotik – Kakutera egitea dela. Horrela behin Kakutetik Attola jaitsiz, ez duzu ni bezalako hanka sartzerik egingo.

 

 

 

Iñaki Sare

 

Zestoari bisita egin nionean, Urola Gustagarri proiektuari buruz hitz egin nizuen. Ekimen berri honekin, Urola bailarako ekoizleen eta jatetxeen jardunak bateratu eta, bertako produktuak balorean jarriz, aisialdi eta turismo eskaintza berri bat ematea nahi da. Interesa piztu zidan ekimen honek eta gehiago jakin nahian, beraien web orrian esploratuz bizirik dagoen proiektu bat dela konturatu naiz. Tripa betetzea bizitzak ematen duen plazer handienetakoa da, handiena ez bada, baina mahaian zerbitzen dizkiguten produktuak nondik datozen askotan ez dugu jakiten eta Urola Gustagarrirako gazta edo txakolin ekoizleetako batzuk Beizaman daudela ikusita, nire oinak hara eramatea otu zait.

  

iglesia beizama

 

 166 biztanle dituen herri hau paradisutik gertu dagoela esango nuke. Azpeitiatik 11 kilometrora eta Tolosatik 15era, Illaun mendiaren magalean, inguru berdeak nonahi aurkitu ditzakegu. Eta berde honen artean, gaztandegiak, txakolindegia, aterpetxe ekologikoa!... Berriz ere Urola Turismo bulegoko Oihanarengana jo dut informazio eske eta komentatu dit ez naizela data txarretan gerturatuko herrira, San Pedro jaiak ospatzen baitira bertan eta gainera aurten bereziak izan daitezkeela, argitaratu berri delako Beizama Gipuzkoako erdigune geografikoa izendatu dutela. Bere kontzejuei jarraituz, herri erdi-erdian dagoen aterpetxean lo egin eta hurrengo eguneko bisita bertatik hasiko naiz.

 

beizama albergue

 

Aurrena baina, hodeirik ez dagoela aprobetxatu eta kontaminazio luminikoaren aztarnarik ez dagoenez, izarrei begira pasako dut denboratxo bat.  

 

“Pentze batean etzanen naiz,


Leku gordean, iratze artean,


Zeruari so, isiltasunean,


Lokartu naiz izarrei begira.”

 

(Pantxoa ta Peio)

 

 

Herriko eskola zaharra zena, eraberritu eta aterpetxe bilakatu zuten. Gaur egun Iñigo Altuna bilbotarrak eta Leire Retegi bergararrak daramate aurrera eta Beizama turismoari zabaltzea dute helburu, hori bai, herriko kultura, paisaia eta baloreak kanpotarrari erakutsiz, ikastetxeetatik datorren publikoa izan edo bestelakoa izan. Azken finean garbi dute, herrian, herritarrek egiten duten lanari balioa eman nahi diotela, Beizama beizamarrei esker bizi baita. Atetik sartu bezain pronto argi gelditzen da Beizamak elikagaiak ekoizteko duen gaitasuna ezagutaraztea bilatzen dutela bertan, pertsonak jokabide zuzenago eta iraunkorragoak bilatzera motibatuz, ingurunearekiko errespetuz jokatuz eta bertako komunitatearen indartzea ahalbidetuz. Batzuek ekologikoa dela esango dute, beste batzuek hippya, niretzat xarmangarria da, herri batek bere osotasunean horrelako proiektu baten lan egin nahi izatea herriko baloreak mundura ezagutarazteko. Erabilera anitzekoa dela esan genezake, familian, edo koadrilla handitan joatea baitago bertara, bikoteentzako logelak, 4koak, 5ekoak eta baita 32ko erraldoi bat ere badaukate.

 

albergue camas

 

 Guztiak komunarekin noski. Sukaldea, jangela, haur txokoa… gehiago eskatu ahal zaio ba leku bati?

 

habitacion albergue

 

Denetik bizi izandakoak dira bertan Iñigo eta Leire. Bisitariak ere askotarikoak izan dituzte, oporretarako etorri baina denbora luzerako bertan biziko ez zirenak, eta baita Euskal Herriko jendearen eta gizartearen indarra nondik zetorren ezagutzera etorri zen errusiar enpresari talde bat. Itxuraz, pistak batu nahi zituzten euren enpresetan txertatu eta herria indartzeko. Horren tratu gertukoa jaso zuten, datorren urtean bisitan bueltatuko direla.

 

Iñigok eta Leirek azaldu didate eta normalean jendeak Aterpetxea kanpamendu base bezala hartzen duela, bertan bazkariak egin, lo egin edota familia giroan egoteko, baina herriko etxetako ate guztiak edukiko ditudala irekita bizi garen gizarte urbano honetatik ihes egin eta nekazaritzaren baloreak zeintzuk diren erakusteko prest baitaude herritar guztiak. Entzun izan dut gaur egungo ume askori behien kolorea zein den galdetzean morea erantzuten dutela, edota esnea nondik datorren galdetzean supermerkatutik erantzuten dutela. Ume hauei gaurko nire bisita ondo etorriko litzaieke, ekoizleen lana zer nolakoa den ezagutzeko. Eta ekoizleei buruz hitz egiten ari garela, banoa Beizamako Txakolina ezagutzera.

 

mapa beizama

 

Ibiltzea gustuko daukat, baina gaurkoan nahiko nagi nabil eta kotxez bidea egitea erabaki dut. 5 minutu besterik ez ditut tardatu UrkiZaharrera.

 

urkizahar exterior

 

Luis Javier Oregik atenditu nau bertan. Bere produktua kontsumitzaileei hurbiltzea oso garrantzitsua da beretzat eta hori gertutasunarekin lortzen du.

 

barriles txakoli

 

30 urtetan hutsik egon zen baserria 2008an etxe moduan hartu eta mahastiz bete zituen honen inguruak, txakolin ekologikoa egite asmoarekin. Mahasti hauen artean, aldapan gora eta behera luzaroan ibilita hankak sendo jarriko zaizkit!

  

Ez omen da lan erraza txakolina egitea, mahatsak har ditzakeen arriskuez gain, proba desberdin asko behar dituen prozesua baita, mahatsak berdinak ez direnez, zapore desberdin asko nahastu daitezkeelako eta nahi den benetako zaporea lortzea… Egia esan ez dakit nola egiten duten, baina mundiala dago!!

 

uva txakoli

 

 5-6 hilabete kostako den lana izango da, baina azken fruitua… dagoeneko sukaldari askok ezagutzera eman dute produktu hau eta nik ere horrela egingo nuela esandakoan, alabak egindako bizkotxo zati bat eman didate. Nola ba ez famatu Urkizahar!!!

 

dueño urkizahar

 

Botila batzuk hartu ditut etxera eramateko eta bueltatuko naizela agindu diet, hori bai, hurrengo bisitarako eraikitzen ari diren bodega martxan ikustea espero dut.

 

txakoli copa

 

urkizahar bodega

 

Txakolina aterpetxean gorde eta bazkaltzeko ordua dala eta, bertan dagoen Ostatu Zaharra izeneko tabernara noa. Horiek dira bistak, eta hori da jana hori!!

 

ostatu zaharra

 

Tripa ondo beteta, kafetxoari zurrutada hartzen ari naizela konturatu naiz tabernako edifizioan “Beizamako Unibertsitatea” jartzen duela. Beizamak ere badaukala bere “Basque Culinary Centre”!!

 

Goizean txakolindegia ezagututa, arratsalderako utzi dut Arreta gaztandegia. Oraingoan oinez joatea erabaki dut, bazkaria pixka bat jaisteko. Gora egin eta segituan antzeman dut gerturatzen ari naizela ardiak besterik ez ditut eta aurkitu.

 

ovejas beizama

 

300 bat egongo ziren. Hurbiltzen saiatu naiz beraiengana, baina otso tankera edo ikusi naute eta alde egin didate segituan. Argazki batzuekin konformatu behar beraz. Parajeak argazki kamerari egurra emateko modukoak dira behintzat.

 

arreta gaztandegia

 

arreta exterior

 

Patxi Otaegik eta Idoia Leonet-ek daukaten baserriaren inguruan 28 hektareatan jaten dute belarra ardiek. Patxik, ukuiluko lanak eta ardiak zaintzen ditu, Idoiak berriz bere esku onarekin sekulako gazta egiten du, mundu mailako sariak irabazitakoak.

 

queso beizama

 

 

Guztira 6500 pieza egiten dituzte urtean, urtarriletik maiatza erdialde edo ekainera arte. Prozesu naturalean egiten ditu gainera Idoia: epel jasotzen duten esnea hoztu lehenik, ona mantendu eta moztu ez dadin, gero mamitze prozesuan berriz berotu eta gatzaia botatzen diote “baño marian” egiteko; sueroa kendu, moldetan sartu eta gutxienez 2 hilabetean kameran sikatzen uzten dute.

 

 tratado quesos

 beizama gazta

 

Sinplea dirudi baina sinpletasunean dago bikaintasuna. Ardi latxa hauek behintzat, larre onetan bista zoragarriekin jaten dutelako edo, kalitate bikaineko esne eta gazta egiten dute. Ezin beraz, hemendik gaztarik gabe atera. Lau hartu ditut. Motxilak egundoko usaia hartuko du, baina…

 

Iritsi naiz aterpetxera, leher eginda, baina bertako denei bizitako esperientziak kontatzeko prest eta gazta eta txakolina erosi ditudala esandakoan, produktu horien dastaketan laguntzeko ogia ekarri dute. Afaririk ez, baina afari merienda ederra egingo dugu gazta, ogia eta txakolinarekin. Etxekoentzat ez dakit zerbait geratuko ote den.

 

Ezagutzen ez dena ez da bat ere baloratzen eta askok uste dute bizitza mota hau eramaten dutenek museotan dutela euren lekua, baina Beizama bere balioez harro dagoen herria da, naturarekin eta natura errespetatuz gizarteari irakaspen bat emateko prest batu den herria da, bizi-bizirik dagoen herria.

 

dedo inaki

 

 

Agurtu aurretik, ezin ahaztu bidaia honetan lagun egin ditudan Iñigo eta Leire (E-mail hau spam roboten kontra babestuta dago. JavaScript aktibatuta izatea behar duzu hau ikusteko. edo 630 181 994 ) beraien etxeko ateak parez pare ireki dizkidatelako. Luis-i (E-mail hau spam roboten kontra babestuta dago. JavaScript aktibatuta izatea behar duzu hau ikusteko. edo 607 563 992) bere familiako partaide sentiarazteagatik eta azkenik, Idoia eta Patxiri (E-mail hau spam roboten kontra babestuta dago. JavaScript aktibatuta izatea behar duzu hau ikusteko. edo 6701 784 586 ) umiltasun eta gertutasun lekzio on bat emateagatik.

 

Iñaki Sare

 

 

Andaluzian bolada batzuk pasa izandakoa naiz eta bertan lagun asko egin ditut. Hauetako batzuk etorri zaizkit bisitan lehen aldiz Alli arriba ezagutu behar dutela esanez. Hala ere, Dolores eta Rafi Sevilako lagun hauek betiko topikoetatik ihes egin zaleak dira eta Kontxako badiatik urrunduz, serie famatuko teilatuan pareta baten kontra jokatzen duten jokoak atentzioa deitu diela aipatu eta euskal pilota zer den eta nola sortu zen jakin nahiko luketela esan didate. Berehala pentsatuko nuen nik hori, baina www.urolaturismo.eus –ek eman dit soluzioa Zu ere pilotari ekimena martxan jarri dela jakin izan baitut bertan.

 

iglesia azkoitia

 

Ekimen honen funtsa, ikusle hutsa izateari utzi eta horren gurea dugun kirol honetako  benetako profesional baten eskutik bi orduz pilotari bihurtzea da. Esku pilotan eta palan aritzeko aukera ematen dute, euskal pilotaren sekretuak ere azalduz. Kotxean montatu gara eta sorpresa bat emango niela esanez, badaezpada txandala eta zapatillak motxila batean eramateko eskatu diet.

 

pelota mano 

  

Iritsi gara Gurea frontoira, 85 urte dituen eraikina da hau, 38’5 metro luze dena eta 888 pertsonentzat kapazitatea daukana. Jesus Mari Anduezak azaldu digunez, orain 17 urte arte, 1300 ikusle sartzen omen ziren bertan, baina hirugarren pisua kendu egin zioten berrikuntza lanak egiterakoan.

 

gurea fronton

 

azkoitia fronton trasera

 

fronton atano trasera

 

Mariano Juaristi Atano IIIren irudiak presiditzen du frontoia. Juaristi, herriko pilotaririk onena izan zela esan digu Anduezak, askorentzat historiak eman duen onena, buruz buruko modalitatean nagusi izan baitzen bi hamarkadetan.

 

escultura fronton atano

 

Diotenez, gerra garaian, jokatu gabe ere eman izan zizkioten txapelak Atano baserrian jaio zen pertsonaiarik ospetsuenari. Kontuak kontu, bere markak askok ezagutzen dituzte eta gaur egun ere bere izenak handi izaten jarraitzen du pilotaren munduan; Donostiako frontoi nagusiak bere izena darama adibidez. Ez zen bera izan baina Azkoitiko pilotari ospetsu bakarra. Jesus Marik azaldu digunez, 1980an, 24 pilotari azkoitiar izan ziren profesionaletan eta Atanotarrez gain, Tapiatarrak, Anduezatarrak edo Larrañagatarrak bezalako familiak oso lotuak egon dira pilotari.

 

cuadro pelotaris

 

Bere garaian “Pilotarien Sehaska” deitu zioten Azkoitiari eta Interpueblos txapelketako edizio guztietan parte hartu duen herri bakarra omen da. Penaz esan digu hala ere Anduezak, gaur egun pilotak ez duela garai hartako sasoia, nahiz eta Euskal Herrian galtzen hasia dena, Soria, Zamora edo Burgosen irabazten hasia den, eta horregatik uda garaian herriko festa askotan aurkituko ditugula pilota partidak han.

 

pelota caja

  

Bi orduko saioa egin eta dutxa hartuta, atera gara pilotalekutik, baina parez-pare beste sei frontoi aurkitu ditugu, guztiak batuta, guztiak desberdinak, arte obra bat bailitzan.

 

oteiza frontones arbol 

 

Frontoi zuriak edo Jorge Oteizaren frontoiak direla jartzen du kartelak eta sukaldean sartuta egin ohi dudan moduan hitzekin ere txundituta utzi ditut Sevillako nire lagunak. Azaldu diet Azkoitiak artista unibertsalaren adopzio herria izanik Oteizaren ideiak eta tradizio pilotazalea bateratuz sortu nahi izan zuen gunea dela hau.

 

fronton zuberoa 

 

Euskal Herriko zazpi lurraldeak sinbolizatu nahi dituzten 6 pilotaleku hauek pilotan jokatzeko modu desberdinak erakutsi nahi dituztela, baina Oteizak esaten zuena kontutan hartuta, eskultura eraginkorra dela hau eta horregatik espazioekin jokatu zutela, edozein pertsonek frontoi txiki zein handi hauek erabili ahal izateko. “Pilotariak frontoietako eskultoreak dira eta arte obra honetan, edozeinek zizelkatu dezake bere obra pilotari lotua”. Aurpegi arraro xamarrarekin begiratu naute, baina tira, pilota frontisera moduan bota ditut esplikazioak eta gainera uste dut tanto egin dudala.

 

oteiza fronton principal

  

Orain gutxi egon nintzen Azkoitian eta eguna aprobetxatzeko asmoz Juanba Mendizabalek irakatsitakoak erakutsi nahi dizkiet Dolores eta Rafiri. Gerturatu gara plaza ingurura eta Udaletxeko arkupetan han ikusi ditugu dinbi-danba pilotari emanez batzuk. Hiruok lelo aurpegiz ikusi ditugu. Hori da abilezia! Argazki kamerek su hartu dute noski.

 

kontsejue iturria

 

consejo fronton

 

Baina, udaltzainek eta alkateak ez al dute kexarik? Pentsamendu horietan murgilduta nengoela gerturatu dira bi gizon parrez. Somatuko zuten hemengoak ez garela, ikusten ari ginela gustatzen al zitzaigun galdetu digutenean. Ta halako baten horietako batek esan digu berak argazkitan ezin duela atera, “derechos de imagen” dauzkala. Igarri diot brometan ari zela eta nik jarraitu nahi izan diot: “Ta zu zein nor zara ba?
Ni Juan Mari Juaristi, Atano XIII “. Hara!! Atanotar bat ezagutu behar dugu!!

Jator eseri da gurekin kafe batera gonbidatzen diogula esatean. Sevillako lagunak pilotaren munduan barneratu nahi ditudala eta horregatik ekarri ditudala Azkoitira esatean barre egin du. Honek ere pentsatuko zuen, zoratuta nagoela Sevilla eta pilota lotu nahi baditut, baina behintzat Goiko Losa frontoiak eta batez ere Kontzejupek (horrela deitzen dira plazan aurkitu ditzakegun bi frontoiak) zer nolako garrantzia duten azaldu digu.

 

goiko losa

  

Biak hala biak XVIII. mendean eraiki ziren. Bata, Udaletxea, 30. hamarkadan eraiki zena, baina horrenbestekoa zen herrian zegoen jokatzeko demanda… segituan arkupeak frontoi bilakatu zirela. Eta orain pentsatzen jarrita… Udaletxe azpian dagoelako deituko da Kontzejupe? Goiko Losa berriz, Peñafloridako kondeak eraiki zuen 1759. urterako eta itxuraz segituan bilakatu zen apustu gune. 

 

imagen goiko losa

 

Hala ere, azkoitiarrek beti izan diote kariño berezia Kontzejuperi, herri erdian egoteak beti bizitasun berezia eman diolako. Txikiteo orduetan, pilota zarata entzunez gero, jendea bertara gerturatzen ziren, langileak, lan txanda hasi aurretik, bertan ibiltzen ziren eta mota guztietako apustu eta festibal bereziak bizi izan dira bertan. Arau bereziak dituen frontoi txikia da, pareta eskuinean daukana (hiru aterekin gainera!), sabai bajua, zutabeak eta leku ezkutuak, horregatik jokatzeko indarra alde batera utzi eta trebezia abian jarri behar da bertan. Atano III handiak esaten omen zuen bertako zirrikitu guztiak menderatu ostean edozein pilotalekutan aritzeko gai izango zela. Azkoitiar pilotarientzat Unibertsitatea izan da Kontzejupe.

 

kontsejupe centro

  

Gustura pasa da kafe ordua Juan Marirekin eta penaz hartu dugu joan behar izateak, baina benetan eskertu dugu gurekin eduki duen jarrera. Batzuek kirol ez dela kultura esango dute. Baina guk gaur kirol kultura egin eta ikasi dugulakoan nago. Liluratuta daude Dolores eta Rafi, gaurkoan kultura klase teoriko eta praktikoa jaso dutelako. Uste dut eman diedan sorpresa sorpresarekin gustura bueltatuko direla Andaluziara. Eta Andaluzia diodala… tapak eta tapak, gosea… eta gosea… Pintxopote!!!

 

pincho ttakun

Argazkia: Ttakun Taberna 

 

Hau ere kultura bihurtu da dagoeneko eta, gaurkoan ere tripa beteta joango gara etxera Azkoitiko tabernetan barrena ibili eta gero.

 

inaki dedo fronton

 

 

Mila esker Jesus Mari Anduezari, esperientzia hau ahaztezina egiteagatik eta nola ez, Juan Mari Juaristiri (Atano XIII) Euskal Herriko pilotaren historiara gehiago hurbiltzen laguntzeatik. Ahaztu gabe Urola Turismoko nire lagun Oihanarekin, Urola erdiko txokoak ezagutzeko bidai honetan laguntzeagatik.

 

 

 

 

Iñaki Sare

 

Badaukat lagun bat Ekain izena daukana eta beti pentsatu izan dut hilabetearekin zer ikusi zuzena zuela, baina aurreko baten izenei buruzko eztabaida batean, berea Zestoatik kilometro eskasera dagoen paleolitiko garaiko kobazuloarekin lotuta zegoela azaldu zidan. Gau horretan bertan hasi nintzen Interneten arakatzen informazio bila eta hor deskubritu nuen 2008an UNESCOk Gizateriaren Munduko Ondare izendatu zuela Ekain. Argi zegoen, bisita antolatu beharra neukan Zestoara.

 

ciudad zestoa

 

Gerturatu naiz herriko turismo bulegora informazio bila, baina bertara sartu aurretik harrizko eta egurrezko etxe handi bat aurkitu dut. Zestoan, historiaurreko kontuak baino zerbait gehiago bilatuko dudalakoan nago.

 

oficina turismo

 

casa portalekoa

 

Bulegoan Nerea izeneko neska jator batekin egon naiz hizketan. Berak azaldu dit Ekain berez ezin dela bisitatu baina bere erreplika baten barruan sentsazio berdinak bizi ahal izango ditudala eta Ekainberrira bidali nau.

Aldapan behera, zubi zahar batetik pasa naiz Urola ibaiaren gainetik

 

puente zestoa

 

Han ikusi dut berez Lauiturri deitzen zen antzinako garbitokia. Kartelek bikain markatzen dute jarraitu beharreko bidea eta mapa lau dobletan poltsikoan gorde dut.

 

lau iturri 

 

señales camino zestoa

 

Bidetik noala jauregi galant batekin egin dut topo. Liliko jauregia izan behar du honek. Antzerkiekin garai bateko bizitza erakusten omen dute bertan, baina asteburutan bakarrik egoten da zabalik eta beste baterako utzi beharko dut bertako bisita.

 

palacio lili

 

Lili atzean utzita, zuhaitz artean sartzen zaitu bideak, arnasa sakon hartu eta 360 graduko buelta eman dut, mendiak ikusi eta ondoko errekatxoaren soinua ere entzuteko.

 

paseo ekainberri

 

paseo tranquilo zestoa

 

Mikel Laboa etorri zait burura eta “Maite ditut maite gure bazterrak” kantatzen hasi naiz. Baina euriari tentatzea ez da ona eta bidea jarraitzea hobe dut. 500 metro eskasera aurkitu dut Ekainberriko atea.

 

ekainberri edificio 

 

ekainberri senales

 

Sastarraingo mendi magalean dagoen ormigoizko edifizio ikusgarria da. Arkitektonikoko oso berezia, bitan zatituta dagoena: kobaren erreplika eta museoa. Koba Jonekin ikusi ahal izan dut, sekulako pazientzia erakutsi du nerekin, behin eta berriz esan behar izan didalako argazkirik ezin dela atera. Egiari zor, burnizko atea gurutzatu bezain laster benetako kobazulo batera sartzen zarela dirudi, hotza, ur tanta bakoitzaren zarata, iluntasuna… margoek orain 14.000 urte egin zirenak dirudite. Ikusten dena ez dela koba osoaren erreplika azaldu digu, parterik garrantzitsuenaren kopia bat baizik.

 

pinturas ekain

 

Margoak horren ondo kontserbatzen dira, itxuraz, orain dela 12 bat mila urte lur-jauzi bat gertatu zelako eta Ekaingo koba tapatuta gelditu zelako. Mota honetako margoak horren ondo kontserbaturik, munduan oso toki gutxitan aurki ditzakegu eta bat hementxe bertan. Orduko gizakiak kobazulo honetan bizi ez zirela azaldu digu, hona pintatzera bakarrik etortzen zirela. Ekain beraz, orduko San Telmo edo Guggenheim zela esan daiteke. Jarri digun musika eta soinuek lagunduta, nolabaiteko bakea sentitu dut neure barruan, erlaxazioak ekartzen duen bakea, marrazkiak egiteko inspirazio eta musen bila artistek bizi izango dutenaren antzeko zerbait. Eskerrak hala ere, margotu beharrik ez dudan… hiru urteko umeak baino marrazki txarragoak egiten baititut.

 

museo ekainberri

 

Bake sentsazio horrekin pasa naiz museora Aintzanengana eta hartzei buruzko esposizio bat aurkitu dut bertan, benetako buruhezurrekin eta garai hartako erramintekin.

 

esqueletos oso

 

esqueletos oso femur

  

Horrek, paleolitikoan nola ehizatzen ote zuten pentsatzera eraman nau eta segituan aurkitu dut erantzuna: Ekain Abentura. Aintzanek kanpora atera nau eta bertan Bainuetxera egun batzuk pasatzera etorri den talde batekin elkartu naiz (daramadan trotearekin atseden pixka bat hartzea ondo etorriko zait eta ez harritu zuei esperientzia hori ere kontatzen amaitzen badut) eta sua nola egiten zuten, pintatzen eta ehizatzen nola ibiltzen ziren irakatsi digute.

 

ekainberri caza practica

 

Hor ikusi dut nire burua lantza bat eskutan eta gorputzeko atal gutxi batzuk ozta-ozta tapatzen zidaten larru-jantzi batekin, eta hara barrutik nola irten zaidan YABADABADOOOO!!! ozen bat. Guztiak parrez lehertzen jarri dira noski eta ni cherry tomateak baino gorriago. 

 

inaki sare firma

 

Ezin baina, benetako Ekain ezagutu gabe gelditu, kanpotik bada ere, eta bertatik banatzen nauten 600 metroak gustura asko egin ditut. Argazki kamerari su atera diot, tripa soinuak entzuten hasi naizen arte.

 

cueva ekain

 

Turismo bulegora jo dut berriz, mokadu bat non jan jakiteko eta herria bisitatzeko gida baten bila. Vicente Dabilaren telefonoa eman didate, baina beste bisita batekin zegoen eta pare bat ordura arte ezingo naiz berarekin gelditu. Tripa betetzeko aprobetxatuko dut beraz. Fati tabernara gerturatu naiz eta, Urola Gustagarri izeneko kartela ikusita barrura egin dut birritan pentsatu gabe.

 

fati taberna

 

Arantzazuk atenditu eta esplikatu dit Urola Gustagarri bailarako hainbat tabernek parte hartzen duten proiektu bat dela, bertako garaiko produktuei balioa eman eta bultzatzeko asmoz (oraingoan udaberria, eta horregatik Udaberriko Zaporeak dauka baita izen) pintxo edo jakiak egiten dituztela, gustu eta poltsiko denetan pentsatuz. Eta noski, kaña handi batekin batera “Lumagorria bere kabitxoan” izeneko pintxoa jateari ezin ezetzik esan. Kazola txiki batean, patatekin habia itxura emanda, lumagorriaren hegalak di-da batean irentsi ditut. Xamurrak eta ederrak.

 

pintxo gustagarri

 

Gustatu zait ideia eta proiektu honen barruan dagoen beste taberna bat bilatu nahi izan dut. Mollergi tabernara gerturatu eta “Euskal Kebab” pintxoa jan dut. Izenarekin bat dator produktua, itxura Kebab-arena, baina jatekoa hemengo zaporearekin. Lumagorria, letxuga, tomatea, tipula… dena saltsa berezi batekin bustia: primerakoa!

 

mollergi taberna

 

euskal kebab

  

Indarrak hartuta Vicenterekin elkartzeko eta herria ezagutzeko prest naiz. Elkartu gara eta bere gomendioei jarraituz, Zestoako Gurutzetik hasi dugu bisita.

 

cruz zestoa

 

Apenas hiru minutuan iritsi gara bertara. Gurutze hau XVII. Mendekoa omen da eta itxuraz, Erdi Aroaz geroztik, herri sarrerak markatzeko jartzen ziren horrelako gurutzeak. Leku berezia da bertakoentzat, gurutzearen aurrean egiten baitute zestoarrek danborrada festetan. Gainera historia bitxia dauka, 50. hamarkadan berritu behar izan zuten, oso egoera txarrean baitzegoen, baina igeltsero “iluminatu” batek pentsatu zuen kapitela alderantziz jarri ezkero, hobeto geldituko zela eta halaxe utzi zuen, gaur arte. Bira hasi dugu, eta hainbat etxe eta monumentu ikusi ditugu.

 

casa licenciado

 

pio baroja casa

  

Pio Baroja etxea”, herriko mediku izan zenean bizi izan zen etxea; jaietan zezen plaza bihurtzen den herriko plaza, zabala bezain xarmagarria (bertatik ikus daitezkeen bistak edifizio gainetatik ederrak dira), bertan grabatu zuten “Arriya” filma eta “Torilak” bezala ezaguna den edifizioa dago, 1767an propio zezenketak ikusteko Ignazio Iberok diseinatu zuena;

 

zestoa pueblo

 

Udaletxea, itxuraz Gipuzkoak udaletxe moduan daukan edifiziorik zaharrena, normalean Euskal Herrian hariztietan elkartzen baitziren herrian gertatzen zirenak eztabaidatzeko, baina Zestoan 1601an egin zuten etxe hau lan horietarako;agian herrian dagoen etxerik zaharrena den “Lizarritz baserria”, jada 1469ko dokumentuetan agertzen dena, nahiz eta gaur egungo itxura XVIII. Mendean hartu zuen;

 

lizarritz baserria

  

Torrea etxea”, udalaren enkarguz Gipuzkoako Batzar Nagusietako ibiltariak etortzen zirenean ostatu moduan funtziona zezan eraiki zena; edota sute arriskua saihesteko etxeetatik aparte eraiki zen Andre Maria Jaiotzaren eliza.

 

torrea etxea iglesia zestoa

 

Gauza asko denbora gutxian, leher eginda utzi nautena, baina herri honen historiaz gozatzeko aukera eman didatena. Banoa etxera, nire apunte liburuxka ondo beteta. Lo egiteko arazorik edukiko ez dudala uste dut, Pedro Picapiedra naizela amestuko ote dut??

 

mano inaki sare

 

Agur esan aurretik eskerrak eman nahi nizkioke turismo bulegoko Nereari, Ekainberriko Jon eta Aintzaneri, esperientzia paregabea bizitzeko aukera eman didatela eta, nola ez, Vicente Davilari (626 036 990 edo E-mail hau spam roboten kontra babestuta dago. JavaScript aktibatuta izatea behar duzu hau ikusteko.) Zestoako txoko bitxi eta interesgarrienak erakusteagatik.

 

 

 

Iñaki Sare

 

  

 

 

Azkoitiko txokoak lehertuta utzi nautenez, Azpeitiara bidean Hotel Loiolan lo egitea erabaki dut, izenak ezin baitzuen hobea izan egun hauetan atsedena hartzeko. Bihar Soreasuko San Sebastianen Parrokia bisitatzea gomendatu didate, eta seguru nago gaurkoan adina kolore eta historia ikusi eta entzungo ditudala. Hala ere gorrixka koloreko eraikuntza izugarri batek atentzioa deitu dit.

 

convento olatz

 

Izarraitzen azpian, belar berdez inguraturik, kolore gorrixka horrek nolabaiteko berezitasuna ematen dio, zeru urdin eta hodei txurien isladapean. Baina nire oinek ez didate beste ezer egiten uzten eta bihar egin beharko ditut beste guztiak. 

Gosaltzera jaitsi bezain pronto, Pakori deitu diot. Berarekin bainago geldituta Parrokia bisitatzeko, baina aurrez atzo ikusi nuen eraikuntza ikusi nahi dut.

olatz konbentua

 

Jo dut tinbrea eta Karmenek ireki dit atea. Orduan jakin dut komentua dela. Badauka baina sekretu bat gordea, eta hori, bere atzean geratzen da: Olatzeko ermita. XII mendeko kapila apal bezain ederra, Inaziok beneratzen zuena eta leku honi, tenpluari eta Euskal Herriko emakume askori izena ematen dion Ama Birjina erromaniko baten irudia gordetzen duena.

 

ermita olatzermita olatz interior

 

Zenbatetan bisitatuko ote zuen gure Inaziok Olatzeko ermita hau? Kasik nik nire etxe azpiko tabernako kañeroa adina seguruenik. Sinpletasunak sor dezakeen edertasunari bueltaka konturatu naiz Pakorekin neukan hitzordura berandu iritsiko naizela eta Soreasuko Parrokiarantz abiatu naiz.

 

parroquia azpeitia

 

Urteak daramatza Pakok pareta hauetan barrena pasiatzen. Pentsa, bertan zela ezagutu zuen Juan XIII, oraindik ere Veneziako Kardenala zela, gerora aita santu bihurtu zutena eta orain santu ere badena.

 

parroquia azpeitia iglesia

 

Loiolatarrak, aldare nagusiaren azpian omen daude enterraturik eta bertan aurkitzen da baita Inazio batailatu zuteneko pila.

 

iglesia azpeitia

 

Eta buru gainean, organo izugarri bat. Korura igo eta organo bat barrutik nolakoa den ezagutu ahal izan dut. Musika entzutea gustatzen zait, jotzea baina, maisuei utziko diegu, tubo pila honekin melodia bat egitea ez baitago edonoren menpe.

 

parroquia organoorgano de azpeitia

 

Bere garaian zentro tenplario izan omen zenak 8 kapera ezberdin dauzka, baina agian bereziena, Bakardadearena da.

 

capilla de la soledad

 

Nikolas Saenz de Elola azpeitiarrak testamentuan eskatuta egin zen. Elola Pizarrorekin joan zen Peru konkistatzera eta urrez josia itzuli omen zen. Grisalla estiloan pintaturik, Danteren koadro famatu batean zaudela irudituko zaizu momentu puntual batean.

 

capilla soledadcapilla soledad escultura

 

capilla soledad techo

 

Soreasuko San Sebastianen parrokiatik irten eta Magdalenara naramate neure oinek. Bertara iritsi bezain pronto aurkitu dut Miren. Berarekin ikusi ahal izan dut Jesuiten ordena fundatu zuen Inaziok horren ondo ezagutu zituen ermita eta ospitalea.

 

ermita magdalena

hospital magdalena

 

Parisetik bueltan, Inazio hiru hilabetez egon zen bertan bere irakaspenak ematen. Dagoeneko jarraitzaile asko zituen Inaziok eta bere herrian zer esanik ez, horregatik mezak ematen zituen bakoitzean ermita lepo betetzen zen eta bertaratu ezin zuten gaixoak leihora gerturatzen zituzten bera entzun ahal izateko. Ermita XIII mendean bezala dago, lur berdinarekin eta erromesek egin moduan, neuk ere nire oinetakoak kendu ditut bertan sartzeko. Ospitaleak berriz, eraldaketa handia jasan du, baina gai bati lotuta jarraitzen du: Loiolako Inazio. Ez naiz ni bertako bisitari bakarra, mundu osotik etorritako jendea pasatzen baita bertatik, baita txinoak edo japoniarrak edo… bisita liburuan ageri denez.

 

firma inaki sare

 

Neka-neka eginda nago, kotxerako bidea hartu nahi dut, baina kaleetatik barrena noala, jendez inguratuta ikusi dut nire burua. Tabernatik tabernara dabil jendea. Noski! Pintxo-pote eguna izan behar du gaurkoak Azpeitian. Zuhatz tabernan sartu eta zerbezarekin pintxo eder batzuk jateko aukera izan dut dardo makinaren kontra jarrita.

 

pinchos azpeitia

 

Gaurkoz, nire etxe azpiko tabernako kañeroa alde batera utzi eta gorri, berde, urdin, beltz, txuri… kolorez betetako egun hau pintxo ezberdinen kolore tartean amaituko dut.

 

inaki sare parroquia

 

Mila esker Pako eta Mireni, esperientzia hau ahaztezina egiteagatik. Nola ez,  Urola Turismoko Oihana eta Maixari, behar nuen informazio eta aholku guztiez gain, nirekin arduratzeagatik.

 

 

 

 

Iñaki Sare

 

 

Orrialdea 1-(e)tik 17-(e)ra
FaLang translation system by Faboba