Explore Urola
Osteguna, 15 Otsaila 2018 07:49

Zumaia, Flysch-etik harago

Azkenaldian lanak nahiko kateatuta eduki nau, baina Urola Bailararekin lortu dudan loturari eutsi nahi diot eta Azkoitia eta Zestoa arteko herrien artekoa jada bisitatuta, ibaiaren amaiera ezagutu nahi izan dut. Touring-eko bidaia egin nuenean, Zumaiaraino bidaia luzatzea falta izan zitzaidan eguneko nekeak etxerako bidean jarri zidalako, baina gaur, bidaia hori gogoratuz, kostaldera, ibaiari jarraituz iristea erabaki dut. Beraz, Aizarnazabalen hasi dut gaurko bidaia eta Oikiarako bidea hartu dut.


GI-2633 errepidea hartuta iritsi naiz Oikiara. Zumaiako ekialdean kokatuta dagoen auzoa da Oikia.

 

oikia iglesia

 

Bere 310 biztanleak San Bartolome parrokiaren magalean bizi dira, XVI. mendeko erretaula daukana, baina aipagarriak dira auzoan aurki daitezkeen Goiburukoa eta Kondekoa etxeak ere. Urtetan Zumaiatik bere independentzia bilatu nahi izan zuen, baina gaur egun oraindik bertako auzo izaten jarraitzen du.

 

arco oikia

  

Bidean aurrera Bedua aurkitu dut. Bertako jatetxe bat famatu egin zen orain urte batzuk film arrakastatsu batean atera zelako, baina ni, aurkitu dudan faunak utzi nau txundituta.

 

pajaro bedua

 

Entzuna neukan angulak ere aurki daitezkeela Urola ibaiko zati honetan, baina meandroan hori baino gehiago aurki daiteke.

 

bedua

 

Orain denbora asko ingurune hau padura omen zen bereziki, baina gizakiak lur hauek lehortu eta bai nekazaritzarako edota baita industriarako ere erabili izan ditu. Zumaiaren historian industria ezberdinek pisu handia izan dute. Besteak beste, ontziolek, zementu fabrikak, makina-erremintak... garrantzia handia eduki dute herriaren garapenean. Kontua da ekosistema berezia sortzen dela bertan, izan ere, itsasaldiek ekartzen duten ur gazia ibaiaren ur gezarekin elkartzen baita bertan. Aizkorriko magalean jaio eta 60 kilometro egin eta gero, hemen hartzen ditu Urola ibaiak bere lehen tanta gaziak, bere amaiera hurbil ikusi eta negarrez hasiko balitz bezala.

 

bedua paisaje

 

Nik negarrari eutsiko diot, baina behin industria guneak atzean utzi eta herriaren sarrera ikustearekin bat, liluratuta geratzea da normalena. Zumaiak oihartzun handia hartu du Flysch-ak eta "Juego de Tronos" telesailaren grabaketan direla eta, baina herri honetan hori baino askoz gehiago topatuko dudalakoan nago. Horregatik turismo bulegora gerturatzea erabaki dut.

 

turismo cartel zumaia

 

Herriko hainbat puntu interesgarri gomendatu dizkidate eta aurrenekoa bulegotik irten eta pare-parean aurkitu dut.

 

zumaia exterior

 

Merkantzien antzinako tren estazio eta errailek garbi adierazten dute gaur egun jendeak zuhaitz eta belardi artean ematen dituen paseoak, bere momentuan, ikatzak, harriak edo burdinak ematen zituela.

 

carril zumaia

 

Hemen ematen ditu Urola ibaiak bere azken pausuak Narrondo ibaiarekin elkartu eta itsasoan galdu arte.

 

canon zumaia

 

Zubi txiki bat pasa dut baina ibaiarekin paraleloan naramate oinek, bere albotik urrundu nahi izango ez balute bezala.

 

zumaia ciudad

 

Atentzioa eman dit errepidearen beste aldean etxe bat aurkitu izanak bere bakardadean. Kaleari amaiera (edo hasiera, nondik begiratzen duzun) ematen dio etxeak eta gainontzekoak ez bezala edifizioa ez dago ezeri lotuta. Beno, lotura bat badauka, etxearen azpialdean elkarte bat aurkituko baitugu: Pulpo elkartea hain zuen. Izen berezia. Galiziarekin lotura izango al du?

 

olagarro zumaia

 

Atearen parean plaza txiki aurkituko dugu eta plazaren beste aldean beste eraikin berezi bat, balkoi handi batekin.

 

cofradia zumaia

 

Gerora jakin dut hori Arrantzaleen Kofradia zela. Dagoeneko “San Telmo” kofradiak ez omen du existitzen baina edifizioari “kofradia” deitzen jarraitze diote eta jaietan adibidez bertatik igo eta jaisten da herriko bandera, edota herriko kirolariek gauza handiak lortutakoan bertan egiten zaie ongietorria. Bi etxe hauek txiki gelditzen dira baina, ondoan aurki dezakegun eraikinarekin. Gaur egun guztiz eraberrituta dagoen kultur etxea, bere garaian alondegia izan zen.

 

edificio zumaia

 

Lehengaiak itsasora eraman eta handik zetozenak gordetzeko egundoko eraikuntza zen hau eta garbi gelditzen da garai batean itsasontziak, gaur egun urtean zehar egiten diren kultur jardueren egutegia antolatzen den eraikineko atariraino iristen zirela, eta horren erakusgarri den argazki bat ikusi ahal izan dut pixka bat aurrerago dagoen parkean.

 

cartel plaza

 

Gizakia gauza asko egiteko kapaz da, baita ur gainean zementuzko parke bat eraiki, herri baten paisajean betiko aldaketak egin eta hauek normaltasunean barneratzekoak ere, lehengo paisajea ahanzturan utzi arte.

Amaiako parke honetan garbi ematen du bere presentzia aditzera San Pedro parrokiak. Bere dorreak defentsarako gaztelu dirudi, arrantzaleen zaindari izateaz gain, San Pedrok herritarren zaindari izan nahiko balu bezala.

 

zumaia plaza presente

 

Alde zaharraren ipar-ekialdean kokatuta, XIII. mendeko eliza gotikoa da eta kanpoaldetik duen gotorleku itxura horren barruan, Euskal Herriko nabe bakarreko gune gotiko ederrenetako bat omen dauka. Kafetxo bat hartu eta kale artean galdu naiz beste plaza batera iritsi arte. Han atentzioa eman didan beste eraikuntza batekin egin dut topo. Westerneko filmetan konbentuek izaten duten itxura daukan eraikinaren kanpoan "Algorri interpretazio zentroa" irakurri dut. Zer ote da? Antzerkiren bat? Interpretazio zentroa, zer demontre da bestela?

 

algorri edificio

 

Barruan aurkitu dudanak baina, erabat aldatu du nire “interpretazioa”. Naturaren eta geologiaren historian bidaia bat egiteko moduko lekua da hau. Zentro honek inguruko ekosistema ezberdinak ezagutzeko aukera paregabea eskaintzen du eta ikus-entzunezkoari esker eta erakusketari erreparatuz herri honek duen altxor naturala hobeto ezagututa irteten da bat bertatik. Europako marearteko zabalgunerik ikusgarrienetako bat dago Zumaian, 200 espezie baino gehiagoren bizileku da eta Euskal Herriko kostaldeko ekosistemarik polit, aberats eta konplexuenetariko bat du. 200 espezie horien artean, olagarroa ere egongo ote da?

Zentrotik irten eta ibaiak berarekin eraman nahi izan banindu bezala, aurrera jarraitu dut ur gazi-gezekin paraleloan, kai-muturra hasten den lekuraino.

 

zumaia barco

 

barco mar zumaia

 

Bertan baserri itxurako etxe bat ikusi dut dena belar-hesiz inguratuta. Julio Beobide museoa da hau. Zumaiar eskultoreak euskal eredu herrikoiak eta eskultura erlijiosoak landu zituen nagusiki eta gaur egun bere zirriborroak eta artelanak ikusteko aukera dago lantoki izan zuen lekuan, museo bihurtu baitute.

 

museo zumaia

 

Etxe honen gainean aurkituko dugu faroa (edo Zumaian esaten duten moduan “Paola”). 1870ean eraiki zen, Zumaiako portura sartzea nahiko arriskutsua baitzen garai hartan. Gaur egun, bertan bizi den langileak (ezin da bisitatu) kirol portura sartu nahi duten itsasontziak gidatzen ditu bere 12 metroko dorretik, Bizkaiko lurrak alde batera eta Lapurdikoak bestera ikusten dituen bitartean.

 

faro zumaia

 

Eta sukalde handia egongo ote da bertan? Gosea sartzen ari zaidan seinale. Banoa bazkaltzera, eta horretarako herri guztia gurutzatu eta Beheko Plaza jatetxeraino joango naiz.

Bainak parrilan bertako olagarroarekin eta salbera (hondarrazpiko ere deitzen omen zaio). Normalean menu batean aurkitzen zaila izaten dena. Olagarroz inguratuta nabil!! Galdetu dut eta itxuraz Zumaia oso lotuta dago animalia honi. Flysch-ak osatzen duen harraldean arrantzatzen dute eta Zumaian tipikoa den “Olarru-zopa” egiteko sikatzen jartzen dute, deshidratatu arte. Egunen baten probatu beharko dut!! Egia esan, ederto bazkaldu dut eta beste egun erdia lekuak ezagutzen jarraitzeko energia berreskuratuta, turismo bulegoan gomendatutako leku gehiago ezagutzera noa.

Xarma gehien daukan auzoetako bat da Artadi. Menditxo baten gainean dago eta bere San Miguel elizaren albotik paraje ederrak ikus daitezke.

 

artadi iglesia 

 

Itsaso zale den orok maite izango du hemendik ikusten dena. Egia esan, edozein maiteminduko litzateke hemengo bistekin. Izenak berak ematen dio izana gainera auzoari, izan ere garai bateko klima epelago eta lehorrago baten arrastoa den artadiz osatutako basoaz inguraturik baitago.

 

paisaje artadi

 

zumaia paisaje

 

Behera jaitsi eta kirol-portuan egin dut geldialdia.

 

puerto zumaia

 

Herriko erdigunea aurrez-aurre, “Paol”erako bidea parean aurkituz, itsas bidaiariak leku benetan erakargarria dauka hemen atseden hartzeko, baina edozein herritarrek ere giro berezian paseatzeko eta aisialdiaz gozatzeko aukera dauka bertan.

 

paseo puerto zumaia

 

Portuan zaudela eskuinera begiratuta Santiagoko padurak aurki daitezke eta zorte apur batekin hor bizi diren hegazti migratzaile ugarietako batzuk aurkituko dituzu.

 

dunas zumaia

 

 Padura honetan bertan aurkituko dugu Ignacio Zuloaga eibartar pintorearen etxea izan zena eta baita ere bere obrekin eta beste artista batzuen obrekin beterik dagoen museoa. Zuloaga ospetsua da Espainiako kostunbrismoa islatu zuelako, besteak beste zezenketak.

 

zuloaga casa

 

Aurrerago geratzen da Santiagoko (edo bertan esango zuten moduan “Santiyo”ko) hondartza. Honen goiko aldean beste fenomeno bitxi bat aurki dezakegu: dunak. Bai, hareazko metaketek sortutako menditxoak. Landareek jakin izan dute haize eta olatuen eraginera, gazitasunera, lurzoruaren ezegonkortasunera… moldatzen eta dunak estaltzen dituzte leku askotan. Hala ere ez nuke berehala sinistuko horrelako gauza bat aurkituko nukeenik hemen. 

 

santiyo playa 

 

Konturatu orduko iluntzen hasi da eta erlojuari begiratuta, etxera itzultzeko ordua dela konturatu naiz. Ta Flysch-a ezagutu gabe!! Beste egun baten derrigor etorri beharra daukat gaur ikusi ezin izan dudana, eta horrenbesteko fama duena ikusi eta bisitatzera. Autora bidean pertsona batekin gurutzatu naiz eta kantatzen zihoan abestiari erreparatu behar izan diot derrigor:

 

 

“Zumaia tiene a su entrada, empalme con dos carreteras,

 

Getaria San Sebastián y la de Bilbao por Deba.

 

Es una villa industrial, comercial y mercantil,

 

Tiene puerto con su ría, línea de ferrocarril.

 

VENID, VENID, VENID, LLEGAD,

 

VENID, VENID, VENID, LLEGAD,

 

VENID, LLEGAD que el pueblo de Zumaiaaaaaaaaa

 

¡¡Es un pequeño San sebastián!!”

 

 

Argi dago, Zumaian gauza asko daude Flyschetik harago.

 

inaki dedo

 

 

Iñaki Sare

 

 

 

 

 

 

 

 

Saila: Esperientziak
FaLang translation system by Faboba